HEZKUNTZA PROIEKTUA

Misioa, zertarako Bizarain

Gure misioa ikasleak balore eta trebetasunetan prestatzea izango da, pertsona ahalik eta konpetenteenak  garatzeko, bizitzan izango dituzten erronkei arrakastaz aurre egin ahal izan diezaieten, eremu hauetan:  arlo emozional eta pertsonala, bizikidetza eta integrazio soziala, garapen akademikoa, integrazio  profesionala, garapen kulturala, izaera euskalduna, ikuspegi kritikoa eta jokabide parte hartzailea.  

Euskal ikastetxe publikoa garen heinean, gure misioa gizartearen beharrei erantzutea ere bada. Batetik,  hezkuntzaren bitartez gizarte-kohesioa eta pertsonen aukera berdintasuna bermatuz, edozein delarik  ikasleen edo familien egoera sozio-ekonomikoa eta kulturala. Bestetik, ikasleen integrazioa lortuz, herritar  aktibo gisa, euskal gizarte partehartzaile, parekide, plural eta jasangarri batean.

 

 

 

Gure balioak, printzipioak eta nortasun ezaugarriak


 

 Euskalduna eleaniztasunean. Ikas-komunitatean euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzen ditugu. Gainera, euskararekiko atxikimendua eta gertutasuna sustatzen ditugu, euskaraz bizitzeak  dituen onurez jabetu eta euskaraz biziz goza dezagun. 

Euskararekin batera, gaztelania, ingelesa eta frantsesa ezagutza eta erabilera sustatzen ditugu,  modu koordinatuan, Hizkuntza Proiektuaren bidez. 

2. Aniztasunaren errespetuan eta hezkidetzan oinarritzen den bizikidetza. Bizikidetza, ikas komunitatearen harremanen oinarrian dago. Gure bizikidetza ereduak komunitateko kide guztien  ongizatea eta integrazioa sustatzen du. Bizikidetza positibo bat, errespetuan, enpatian,  hezkidetzan eta pluraltasunean oinarrituta. Bizikidetza ikas-komunitatean bizitzeko, gizartean  bizitzeko eta ikasketetan aurre egiteko.  

3. Metodologia aktiboak eta kooperatiboak. Ikasleen oinarrizko gaitasunak garatzeko eta  motibazioa indartzeko, haien arteko elkarlana eta ikaste prozesu aktiboa sustatzen duten  metodologiak lehenesten ditugu. Ikuspegi honekin, IK/KI metodologia kooperatiboa ikastetxearen  ildo metodologiko nagusia da.  

4. Aniztasunari erantzuna. Derrigorrezko Hezkuntzan ikasleen arrakasta lortzeko funtsezkoa da  aniztasunari erantzuteko gaitasuna izatea, ikasleen testuinguru sozioekonomiko-kulturala eta  gaitasunak kontuan hartuta. Ahalik eta ikasle gehienengana heltzeko, tutoretza eta koordinazioa  indartzen ditugu. Ikasleen gertuko jarraipena bideratu eta hezkuntza-eskaintza dibertsifikatzen  dugu, beti ere erantzun inklusiboa lehenetsita. Ikasleen aniztasunari erantzuteko proiektuetan  parte hartzen dugu eta baliabideak bideratzen ditugu. 

5. Digitalizazio egoki eta erabilgarria. Ikasleen digitalizazioa sustatzen dugu. Ikasleei baliabide  digitalak eskuratzeko aukerak emanez eta gaitasun digitalak garatuz, ikasgai guztien bitartez.  Ikasleek teknologia berriak eta horiekin lotutako aplikazioak beren ikasketa prozesuan eta  eguneroko bizitzan erabiltzen ikas dezaten, arriskurik gabe eta modu etiko batean.  

6. Inguruarekin harremana. Ikas-komunitatearen inplikazioa, presentzia eta komunikazio positiboa  indartzen ditugu. Ikastetxe gisa, familiak irakaskuntza prozesuan inplikatzen ditugu. Gainera,  inguruko erakunde eta elkarteekin elkarlanean dihardugu, ikastetxearen hezkuntza zerbitzua  indartzeko, ikuspegi global batetik: Errenteriako Udalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin,  Osakidetzarekin, Gizarte arloko elkarteekin (Norbera, Gaztedi...), Errenteria zein inguruko  elkarteekin (LauHaizetara...), formazio osagarrirako erakundeekin (Baikara, Agipad). 

7. Etengabeko hobekuntza. Etengabeko formazioa sustatzen dugu irakasleen artean, ikastetxean  dauden beharrei erantzuteko. Ematen ditugun urratsak sistematizatu eta ebaluatzen ditugu,  hobetzeko eta eguneratzeko asmoz. Era berean, batzordeen bitartez, ikastetxeko proiektu eta lan ildoak garatzen ditugu, irakasleria guztiaren parte hartzearekin.